Marín Funtsa (Foto Marín).

 

Angulero con sus aparejos por un puente.
GureGipuzkoa.net | Angulero con sus aparejos por un puente. © CC-BY-SA: Fondo Marín. Pascual Marín

 

GureGipuzkoan Kutxako Fototekak erakusten duen Marín Funtseko aukeraketa 2432 argazkiez osaturik dago. Bertan, bi garai bereizi behar ditugu. Lehenean, Pascual Marín izan zen argazkilari; bigarrenean, 1945etik aurrera, haren suhi Paco Marík eta Manuela eta María Teresa alabek hartu zuten negozioaren ardura, 1972an itxi zuten arte.

Pascual Marín argazkilaria punta-puntakoa izan da beti eta hainbat erakusketa egin dituzte bere lanarekin. Horietako batzuk Kutxak antolatu ditu; esaterako: 1998an, 1999an eta 2000n Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartearekin elkarlanean antolatutako «Argazkilariek egindako kazetaritzaren mende osoa Kutxaren Fototekaren funtsetan» izenekoa eta 2001eko «Arima eta literatura». 2001ean bertan, Kataluniako Artxibo Nazionalak Gerra Zibilari buruzko erakusketa bat antolatu zuen, Parisen eta Bartzelonan egon zena ikusgai, eta argazkilari honen zenbait irudi jaso zituen. 2002an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pascual Marínen argazkiak jasotzen dituen Gipuzkoa begiragarria liburuaren faksimile edizioa argitaratu zuen. Liburu hori 1932an argitaratu zen lehen aldiz. Bestalde, Marínen argazki batzuk bildu zituen Untzi Museoak 2002an antolatutako «Itsas Marruma. Euskal kostaldeko argazki zaharrak (1850-1960)» erakusketak eta 2008an antolatutako «Itsasoaren Indarra» erakusketak. 2009an, Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren barruan, «Gipuzkoa: 1936-1950. Kronika beltzean eta zurian» erakusketa antolatu zuten, eta Kutxa Fototekak Gerra Zibilarekin eta gerraostearekin lotuta dauzkan hainbat argazki egon ziren bertan ikusgai.

Pascual Marín (Tutera, 1893 – Donostia, 1959) Nafarroan bizi zen Ignacio Coyne argazkilari irlandarraren eskutik sartu zen argazkilaritzaren munduan. Hogei urte besterik ez zituenean, Zaragozako "La Crónica" egunkariko erredaktore grafiko izendatu zuten, eta 1914an Donostiara joan zen, Ricardo Martínen Photo Carte dendan lan egitera. Aldi berean, "Novedades" aldizkarian eta "El Pueblo Vasco" egunkarian kolaboratzen zuen. 1920aren inguruan, bere estudioa sortu zuen, Casa Marín, eta 1928an "L´Illustration Française" aldizkarian Donostian turismoa sustatzeko irudiak argitaratzen hasi zen. 1929an, urrezko domina lortu zuen Zaragozako Argazkilaritzaren V. Nazioarteko Azokan. Errege familiaren argazkilaria izan zen, uda Miramar jauregian igarotzen zutenean.

1932an, "Gipuzkoa begiragarria" liburua argitaratu zuen, estilo piktorialistako argazkiak zituena. Euskal Herrian, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, Willy Koch Schoneweiss, Ciriaco Nieto, Luis de Ocharan eta Manuel Parada izan ziren korronte horren adierazle nagusiak.
Marínen argazkiek garai hartako gipuzkoar gizartea islatzen dute; bai gizon-emakumeak (arrantzaleak, dantzariak, baserritarrak…), bai hiriak zein landa inguruak (Getaria, Deba, Ataun...).

Gerra Zibilean atera zituen argazkiek bikain erakusten dituzte gertakari latzak; adibidez, 1936ko irailaren 13an Donostia hartu zutenekoa edota miliziano errepublikarren argazkiak.

Gerraren ondoren, "Fotos", "Vértice", "La Ametralladora", "La Voz de España" eta "Unidad" gisako aldizkarietako eta egunkarietako kolaboratzaile izan zen. Zezenketarako zaletasun handia zuen, eta 1914tik ibili zen sanferminetan. Gainera, "El Ruedo" zezenketa aldizkariaren eta "ABC" eta "La Vanguardia" egunkarien korrespontsal grafikoa izan zen.

Paco Marí (Madril, 1914 - Donostia, 1972). Paco Marík Pascual Marínen lekua hartu zuen 1945ean, dendako argazkilari moduan. Madrilgo Arte Ederren San Fernando Akademian egin zituen ikasketak, eta zezenketen argazkiak ateratzen zen espezializatu zen. Oso gaztetatik bihurtu zen erreferente, eta Manoleteren argazkilari ofizial izendatu zuten.

Gerra Zibilak iraun zuen artean, Madrilen gelditu zen, eta hiria gerran erakusten zuten hainbat argazki atera zituen. Gaur arte, baina, ezin izan dira argazki horiek dokumentatu.

1945ean, Donostiara joan zen bizitzera, eta Pascual Marínen dendan hasi zen lanean. Bertan jarraituko zuen, 1972an hil zen arte. "La Voz de España" eta "Marca" egunkariek argitaratu zituzten bere argazkiak, baita "The Associated Press" eta "Efe" agentziek ere. NODOko operadore eta "El Ruedo" aldizkariko korrespontsal izan zen. Urte horretan bertan, omenaldia egin zion Donostia Zinemaldiak, eta 1997an erakusketa txiki baina interesgarria eskaini zion Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak Garibai kaleko aretoan, Kutxa Fototekaren funtsekin.
.


Txirrindulariak Tolosan. Tren ezbeharra Añorgan.

Txirrindulariak Tolosako San Frantzisko kalean, 1922.

Tren ezbeharra Añorgan, 1936.