GureGipuzkoaren ohiko galderak

  1. Zer da GureGipuzkoa?

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuko irudiak eta argazkiak bistaratzeko aukera eskaintzen duen zerbitzu bat da. Aldi berean, erregistratu ondoren, izan herritar soila, taldea edo erakunde publikoa, zure argazkiak GureGipuzkoan gordetzeko aukera duzu, hartara, Gipuzkoako iraganaren eta orainaren irudi bizia sortzeko aukera duzularik.

  2. Erregistratu beharra al dago?

    Argazkiak igotzeko eta iruzkinak gehitzeko baino ez. Erabilpen arau eta baldintzak irakurtzeaz ez zaitez ahaztu. Erregistro prozesuan jarraitu beharreko pausoak email batean jasoko dituzu.

  3. Gustoko argazki bat ikusten badut, jeisterik ba al dut?

    Bai noski eta horretara gonbidatzen zaitugu, baina jaistea erabakitzen duzun argazkiaren erabilpen baimena errespetatu beharko duzu.

  4. Eta aldizkari, triptiko, inprimaki... batean erabili nahi badut, nola egin dezaket argazkiaren aitortza eta erabilpen zuzena?

    Hemen ikusten duzun argazkiren bat edozein lan edo inprimakian erabili nahiko bazenu, eta berau Creative Commons baimen batetara atxikitzen bada, ez daukazu zertan argazkia igo duen erabiltzailearekin harremanetan jarri beharrik, aukeratzen duzun argazkiaren Creative Commons baimenaren berezitasunak errespetatzearekin nahikoa da. Aldiz, aukeratzen duzun argazkia Copyright lizentzia batetara atxikitzen bada, erabiltzailearekin zuzenean harremanetan jarri beharko duzu. Egiletza Eskubide Ezagun Mugaturik gabeko argazkien kasuan ere edozein zalantza argitzeko argazkia GureGipuzkoara igo duen erabiltzailearekin harremanetan jarri zaitez. 

  5. Argazki baten aitortza egiterakoan argazki oinean honako sintaxi hauek jarraitu ditzazkezu:

    GureGipuzkoa.net | Jainkozaleak Ernioko gailurrean © CC BY-SA: Indalecio Ojanguren

    GureGipuzkoa.net | Aterkiak/paraguas © Copyright: argindar

    GureGipuzkoa.net | Emakume batelariak Donibanen © CC BY-ND: Sigfrido Koch

    GureGipuzkoa.net | Tolosako Udaleko bandoak © CC BY-SA: auggie

    GureGipuzkoa.net | Kortaberria familia Igartubeiti Baserri Museoan © CC BY-SA: Igartubeiti

    Horrekin batera, argazki bat blog edo webgune batean erabili behar baduzu, argazki guztien fitxan "Argazki hau erabiltzeko..."  aukera duzu, bertan klikatuaz, pop-up lehiotxo bat agertuko zaizu eta argazkia zure blog edo webgunean txertatzeko balioko dizun html kode bat agertuko zaizu.  Hau horrela eginez, argazkiaren egilearen egiletza eskubideak eta lizentziaren berezitasunak gordeko direla bermatuko duzu.

  6. Zein baimen erabili dezaket GureGipuzkoan nire argazkiak gordetzeko?

    Orotara zortzi baimenen artean aukeratzea daukazu: Creative Commons-eko seiak gehi Copyright Eskubide Guztiak Erreserbaturik lizentzia eta Egiletza Eskubide Ezagun Mugaturik gabeko baimena.

  7. Zein aholkatzen didazue?

    Kultura eta Euskara Departamentutik Creative Commons Aitortu-BerdinPartekatu baimena erabiltzeko aholkatzen dizugu, igotzen diren argazkiei baimena automatikoki gehitzen zaielarik. Baimen hau Wikipediarekin bateragarria da, argazkien zabalkundea errazten du eta aldi berean argazkilariaren egile eskubideak babesten ditu. Erabiltzaileen aukeraketa eskubidea ez gutxiestearren, Creative Commonseko beste bost baimenak aukeratu daitezke eta aldi berean Copyright Eskubide Guztiak Erreserbaturik lizentzia eta Egiletza Eskubide Ezagun Mugaturik Gabe baimena.

    Hala ere, naiz eta berau erabiltzeko aukera izan, Copyright Eskubide Guztiak Erreserbaturik lizentziaren erabilera ekiditeko aholkatu genizuke eta erabili beharko bazenu, kasu jakin batetarako erabiltzeko eskatuko genizuke. Aldi berean, bere erabilerak dituen desabantailez jakitun izan zaitez.

  8. Nire argazkiak... Kultura eta Euskara Departamentuaren jabetza al dira?

    Ez. Erabiltzaileek igotzen dituzten argazkiak beraienak dira soilik. Kultura eta Euskara Departamentuak edo Foru Aldundiko beste departamentu batek zure argazki bat modu publiko batean erabiliko balu, aukeratu duzun baimena errespetatuko luke derrigorrez. Honekin batera, zure edukia erabakitzen duzun edozein unean ezabatzeko aukera duzu.

  9. GureGipuzkoak nireak diren ze datu gordetzen ditu?

    Kontu bat sortu eta zure argazkiak partekatzen has zaitezen beharrezkoak direnak baino ez: Erabiltzaile izena, pasahitza eta posta elektroniko helbidea. GureGipuzkoa kudeatzen dugun lan taldeak zerbitzu honetan jasotzen diren datu pertsonalen kudeaketa zintzoa eta konfidentziala bermatzeko LOPD de 15/1999 legeari atxikitzen diren neurri teknikoak ezarri ditugu. Ongietorri orrian GureGipuzkoaren pribatutasun politikaren inguruan informazio osagarria duzu.

  10. Zein da erabiltzaileok dugun biltegiratze espazioa?

    Erabiltzaileek gehienez biltegiratzea duten argazki kopurua eta neurriak ez ditugu zehaztu.

  11. Ados, nola igotzen dut argazki bat?

    Zure kontua sortzeko prozesua amaitu ondoren, ezarri duzun erabiltzaile izen eta pasahitzarekin sartu zaitez. GureGipuzkoan duzun kontura sartu ondoren, "Nire Gipuzkoa" orrian izango zara eta goialdean "Zure argazkiak GureGipuzkoan erakutsi" atala agertuko zaizu, bertatik zure argazkiak igo eta GureGipuzkoako beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera izango duzularik.

  12. Ze datu gehitzea daukat argazki batetara?

    Argazki bat igotakoan informazio osagarria gehitzea duzun atalean izango zara: etiketak, deskribapena, erabilpen baimena, geokokapena, gaia, data, argazkilaria... GureGipuzkoa osatzen dugun lan taldetik ahalik eta atal gehienak osatu ditzazun aholkatzen dizugu, erabiltzaileon onerako irudiaren deskribapenaren informazio ahalik eta aberatsena lortu dezazun.

  13. Nola geokokatzen dut argazki bat?

    Orriaren eskuinaldean agertzen den mapan argazkia hartu zenuen lekua bilatu ezazu. Maparen eskuineko markoan + ikurra duen ikono urdin bat ikusiko duzu, bere gainean klikatuaz zure eskura jartzen ditugun mapak ikusiko dituzularik: 2008ko mapa ortofotografikoak definizio handiena eskaintzen duena delarik. Argazkia hartu zenuen lekua aurkitu duzula ziur zaudenean, kokatu ezazu bere gainean klik soil batekin. Besterik ez.

    Argazki bat geokokatzerakoan, argazkia hartu zenuen lekua kokatzea aholkatzen dizugu, baina ez argazkian agertzen den elementua, horrelakorik balego. Geokokaturiko argazkiak GureGipuzkoako mapan automatikoki azalduko dira.

    Zure kamerak edo mugikorrak GPSa badu eta kokapen datuak gorde daitezen konfiguraturik baduzu, atera berri duzun argazkiaren EXIF datuetan longitude eta latitude datuak gordeko dira, hartara, berau GureGipuzkoara igotzerakoan ez daukazu eskuz kokatzen jardun beharrik, GureGipuzkoak mapan automatikoki kokatuko du.

  14. Zein mapa erabiltzen ditu GureGipuzkoak?

    GureGipuzkoak hiru mapa maila ditu. Gipuzkoaz at dagoen geografia Google Mapsen ohiko mapa mailarekin bistaratu daiteke. Gipuzkoako geografia aldiz, maila horrekin, 1954. urteko argazkien mailarekin eta 2008. urteko azkeneko mailarekin ikusi daiteke.

    Mapa hauek Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura taldeak egindako lanari esker eskaintzea ditugu, berau Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren pean dagoelarik eta beste zerbitzu komertzialei ezinezkoa zaien Gipuzkoako lurralde osoaren gaineko definizio maila eskaintzen digu.

  15. Igo berri dudan argazkia ez dut ikusten, zer gertatzen da?

    Igotzen diren argazki guztiak weborriaren erabilpen baldintzetara atxikitzen direla ziurtatzeko, berauk publiko egin aurretik GureGipuzkoaren lantaldeak ikuskatzen ditu. Lekuz kanpoko gairik edo eduki ilegalik ez dutela ziurtatzen dugunean, publiko egiten ditugu.

  16. Argazkiak taldeka igotzea posible al da?

    Web bitartez oraindik ez, baina Mozilla Firefox nabigatzailearen gehigarria zure nabigatzailean txertatzen baduzu bai.

  17. Argazki talderik, aurkezpenik... sortzerik ba al dut?

    Bai, "Nire Gipuzkoa" atalean.

  18. GureGipuzkoak ba al du RSS sindikaziorik?

    Bai. GureGipuzkoako erabiltzaile guztion jarduna sortu ditugun RSS jarioen bitartez jarraitzea dago.

  19. Hizkuntza errusieraz dut, norengana jotzen dut?

    GureGipuzkoari buruz edozein arazo, zalantza edo iradokizun jakinarazi nahi badiguzu, formulario honen bitartez gurekin harremanetan jartzea duzu, edo nahiago baduzu guregipuzkoa a bildua gipuzkoa puntu net helbidera email bat bidaltzea daukazu eta zurekin ahalik eta lasterren jarriko gara harremanetan.

  20. Zein dira Flickr eta antzeko zerbitzuekin dauden oinarrizko ezberdintasunak?

    GureGipuzkoan:

    • Igotzea dagoen irudi kopuru eta neurrian ez dago mugarik.
    • Hiperlokalitatea: Gipuzkoako mapen prezisioa beste zerbitzuetan ez dago eskuragarri.
    • Elebitasuna.
    • Gipuzkoako argazkilaritzaren oroimena gipuzkoarron ondarea denez eta berau sustatzea gure helburua izanik, ez genuke urruneko enpresen xede komertzial (zilegi)en esku utzi behar gure argazki ondarea zaindu eta hedatzea.
  21. GureGipuzkoak API publikorik ba al du?

    Bai eta GureGipuzkoaren edukiak erabiliko dituen garapen bat egin nahi baduzu, gure API publikoarekiko atzigarritasuna izan beharko duzu derrigorrez. Zerbitzu hau erabiliko duten aplikazioak ikusteko irrikitan gaude!

  22. Softwarea askatuko al duzue?

    Bai, kode osoa formula bikoitz baten bitartez EUPL v1.1 eta NewBSD lizentziekin askatzekotan gara.

  23. GureGipuzkoa ez dut ongi ikusten, zergatik?

    Estandarrak zuzen betetzen ez dituen nabigatzaile batekin GureGipuzkoa ikusten arituko zara ziurrenik. Web nabigazioa egokiro betetzen dituzten nabigatzaileak erabiltzea aholkatzen dizugu.

  24. GureGipuzkoaren gehigarria Mozilla Firefox eta OpenOfficen erabiltzerik ba al dugu?

    Bai. Firefox nabigatzailearen gehigarriaren 1.0.1 bertsio bere webgunean lortzea badago jada eta OpenOffice 1.0 bertsioa ere beraien ekimenaren webgune ofizialetik lortzea dago. Firefoxentzako gehigarria zure nabigatzailean nola instalatzea daukazun pauso guztiak hemen azaltzen ditugu. OpenOfficentzako pauso eta ohar guztiak ere hemen dituzu.

  25. Argazki batean leku, pertsona bat ezagutu dut... GureGipuzkoaren edukietara informazio osagarria proposatzerik ba al dut?

    Bai eta gurekin batera elkarlanera bultzatu nahi zaitugu. Argazki bakoitzaren fitxan iruzkinak gehitzeko aukera duzu. GureGipuzkoan erabiltzaileek egin dezaketen katalogazio amateurra, urteetan Kultura eta Euskara Departamentuan egin den katalogazio profesionalarekin uztartzeko irrikitan gaude. Are eta gehiago, erabiltzaileen laguntza beharrezkoa dugu informazioa osatzerakoan, Kultura eta Euskara Departamentuan argazki anitzei buruzko informazioa faltan baidugu: Zeintzu dira agertzen diren pertsonak?, Zein da beraien kontestua?, Zeintzu dira bertan agertzen diren lagunak? Erabiltzaileen elkarlanaren adibide bat Elgoibarren 1962. urtean kokaturiko argazki honetan dugu.