Car Funtsa (Photo Carte, Foto Car).

 

I GRAN PREMIO DE AUTOCICLOS  EN EL CIRCUITO AUTOMOVILISTICO DE LASARTE.
GureGipuzkoa.net | I Gran Premio de Autociclos en el Circuito Automovilístico de Lasarte. © CC-BY-SA: FOTO CAR Funtsa. Ricardo Martín

 

Ricardo Martín (Donostia, 1882-1936) gazte-gaztetandik izan zen argazkizale, eta 1914an ireki zuen lehen argazkilaritza estudioa, Photo Carte izenekoa, Donostian. 1918an, "La Voz de Guipúzcoa" egunkariak Ricardo Martínen erakusketa baten berri eman zuen, haren askotariko prozedurak, koloreak eta harmonia goraipatzen zituela. Urte horretan bertan, "Novedades" aldizkarian (1909-1919) garaiko gaiei buruzko erreportajeak argitaratu zituen. "La Esfera" aldizkariko korrespontsal izan zen 1918 eta 1936 artean. Argazkiak bidaltzeaz gain, argazkilaritzarekin lotutako gaiei buruzko artikuluak idazten zituen.

Bikainak dira benetan orduko gidari eta talde onenak biltzen zituen Lasarteko automobil zirkuituan atera zituen argazkiak, Italiako eta Suitzako aldizkarietan ere argitaratu zirenak. Estetikoki, Jacques Henri Lartigue argazkilari frantses ospetsuaren argazkiak gogorarazten dituzte askotan.
1936ko maiatzean hil zen Ricardo Martín, eta haren alargun Agustina Zugastik hartu zuen estudioaren ardura, Photo Carte. Vda. de Ricardo Martín izendatu zuena.

Ikaragarriak dira dendako langileek eta Ricardoren seme Vicente Martínek gerra garaian egindako argazkiak. Errepublikaren aldeko irudiak ziren haiek, argi eta garbi. Mundu osora zabaldu, eta "L'Illustration Française" eta "Regards" aldizkarietan argitaratu zituzten, baita Kubako "Bohemia" garrantzitsuan ere (milioi bat ale hilean).

Ospitaleetako baliabide ezari aurre egiten laguntzeko, Photo Cartek erradiografiak egiteko materiala eman zien Gipuzkoako klinikei 1936ko uztailetik irailera.

Gerra Zibila amaitutakoan, Mussoliniren Italiako Hizkuntzaren Defentsarako Legearen imitazioa onartu zutenean, dendaren izena «baliokide nazionalago» batengatik aldatu behar izan zuten. Horrenbestez, Foto Car izena jarri zioten 1940an.

1940tik aurrera, Vicente Martín semeak hartu zuen negozioaren ardura. 1965ean, Donostiako Udalak erakusketa handi bat antolatu zuen udaletxeko beheko solairuan, familia honetako argazkilariek mendearen lehen herenean ateratako argazkiekin. 1972 eta 1973 artean, garai bateko Donostiako Aurrezki Kutxak erosi zuen argazki funtsa. 1991n itxi zuten Foto Car, Vicente Martín erretiratu zenean.

Kutxako Fototekak GureGipuzkoan Car Funtseko 2567 argazkiz osaturiko aukeraketa bat erakusten du.


Aguirre Lehendakaria. Inauteriak Tolosan.

Aguirre Lehendakaria Atotxan, 1933.

Inauteriak Tolosan, 1927.